![]() |
Amuak askotariko piezak harrapatzen ditu: literatur kritikak, bitxikeriak, iruzkinak, perlak... Bidali zurea! This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. |
Sam Sheparden poemen eta kroniken zertzeladak
Bere lana gogora ekartzeko aitzakien bila hasita, azaroaren 5ean beteko ditu 69 urte Sam Shepardek. Aktore gisa ezagutuko genuen askok, baino hori baino lehenago eta harago idazlea izan da beti. Shepardek antzerkiaren arloan egin du ibilbiderik joriena, baina kronika, narratiba eta poesiaren arloetan ere argitaratu du hainbat lan. Jarraian Motel Chronicles liburutik ekarritako poema batzuk irakurri ditzakezue.
Egun zineari dagokionez protagonismoaren bazterreko pertsonaiak, bigarren mailako bisaiak antzezten topatuko dugu gehienetan. 80. hamarkadan bizi izan zuen arlo horretan une gorena, batez ere The right stuff filmean jokatutako rolagatik, baina ordurako ibilbide emankorra egina zuen jada antzerkiaren arloan. Shepardek idatzitako teatro testuen zerrenda luzea da oso, 60. hamarkadan idazten hasi zenetik egundaino etengabe jardun baita horretan. Sheparden lanaren hastapenean kontrakulturaren eragina aipatu behar litzateke, umore basatia, satira eta tarteka absurdua, sarritan Amerikako Estatu Batuetako gizartearen erraiak sakonetik astindu nahian.

Jon Benitok ekarri zituen zeharka Sheparden 70ak Bob Dylani buruz Berrian egindako erreportajean. Sam Shepardek Rolling Thunder kronika liburua argitaratu zuen, Bob Dylanen uberari jarraika. Bertatik atera dugu pasarte hau:
CONRAD
DYLAN: Irakurri duzu Conraden zerbait?
NI: Ez.
DYLAN: Ba Conrad irakurri behar zenuke.
(Pausa luzea)
NI: Asko irakurtzen duzu?
DYLAN: Zeozer.
NI: Beti irakurri izan duzu asko?
DYLAN: Beti irakurtzen dut zeozer.
NI: Non lortzen dituzu liburuak?
DYLAN: Jendearen liburutegietan. Jendearen liburutegietan sartu eta han edukitzen dituzte.
Moteleko kronikak
Bere antzezlan eta narrazio lan batzuk pantailarako urratsa eman dute, kasu batzuetan berak moldatutako gidoiekin. Win Wendersek zuzendutako Paris-Texas filma mitikoaren kasua da ezagunenetakoa ziur aski, zeinak Motel Chronicles liburua baitzuen inspirazio iturri giroari eta sentsazioei dagokionez. Motel Chronicles liburuan Shepardek bizipen pertsonalak jasotzen zituen, eguneroko bitxi batean txertatutako narrazio laburrekin eta poemekin. Paris-Texas filma bikaina izateaz gain, errepideari loturiko azpigeneroan sakontzen lagundu zuen. Euskal literaturan topatu horren dugu oihartzunik, hauxe adibidez:
Zerk bultzatzen du bidaiaria etxeko epeltasuna utzi eta toki ezezagunetara abiatzera? Bidaiari bakoitzak bere arrazoiak ditu, noski, nik neureak nituen bezalaxe. Baina arrazoi guztiak bi multzotan sailka daitezke, ene aburuz. Partitzen garenean zerbaiten bila joaten gara edo, bestela, zerbait ahaztu nahian, zerbaitengandik ihesi.
Estatu Batuetara joan, han auto bat alokatu eta milaka filmetan ikusiaren ikusiz gure herrikoak balira bezala ezagutzen ditugun errepide eta autobide galduak zeharkatzea proposatu zidaten. Thelma eta Louisena bezalako esperientzia bat bizitzea, road-movie baten protagonistak izatea, gure Easy Rider edo Paris-Texas propioa eraikitzea.
Gotzon Hermosilla, Road Movie (Alberdania, 2002).
Eta Paris-Texasetik ez gara sobera urrunduko. Jarraian irakurri ditzakezue liburu hartako poema batzuk:

—–
goizaldeko 3.30ak
oilarra da
edo urrunean oihuka ari den emakumea?
zerua beltza dago
edo urdin iluna jartzeko zorian?
motel bateko gela bat da
edo norbaiten etxea?
nire gorputza bizirik
ala hilik dago?
Texasen nago
ala mendebaldeko Berlinen?
eta dena den,
zer ordu da?
bada nire aliatua den
pentsamenduren bat?
pentsatze oro eten dadin
egiten dut otoitz
eten osoa
espazio hutsa
errepidetik joan nahi dut
ezertan pentsatu gabe
behin bakarrik
ez naiz erreguka ari
ez naiz jarri belauniko
ez nago borrokatzeko moduan
80/12/9, Fredericksburg, Texas
—–
esaten dutenez egun sargorietan
maionesak hil zintzake
hori esaten zuen nire izebak
esaten zuen baita ere
ez nuela sekula etxetik diru-zorrorik gabe irten behar
badaezpada hiltzen baninduten
eta gorpua identifikatu behar bazen
81/4/26
Homestead Valley
—–
otoika darrait
programa bikoitza jar dezaten:
BAD DAY AT BLACK ROCK
eta
VERACRUZ
81/4/28
Santa Rosa









Iruzkinak (0)