Jose Inazio Lasarekin solasean

'Denboraren hosto artetik' poesia liburua kaleratu berri du Ereinekin

Ostirala, 2012-06-15

Jose Inazio Lasak Erein argitaletxearen eskutikkaleratu berri du bere lehen liburua: Denboraren hosto artetik, poesiaren arloan. Filosofiaren koordenatuetan kokatutako testuak dira bertakoak, eta Juan Ramon Makusok idatzi du hitzaurrea. Literaturian estreinako aldiz jarri da publiko aurrean errezitatzera, haren ostean egin dugu elkarrizketa.

Jose Inazio Lasarekin solasean

Liburu bakoitzak bizi-printza batzuk islatzen ditu eta zentzu horretan ez luke jarraitu behar eredu bat


Egunen batean ikasi beharko dugu hitzak gizakume batek esanak izan arren giza kontzientzia osoa islatzen dutela eta hein horretan gizadiarenak direla.

Lehenengo poesia liburua duzu hauxe. Zer nolako harremana izan duzu poesiarekin orain arte?

Gaztetandik nire alboan izan dudan bide bat da poemagintza, kezka eta gorabehera askoren irtenbide bakarra nerabezaroan; gero, filosofiaren jarduera sistematikoarekin ezin nuena kanporatzeko aukera.

Ez duzu lehenago izan argitaratzeko tentaziorik, zergatik orain?

Ez handirik, ez dudalako inoiz hori merezi izan, ez naiz literaturan murgildurik ibili-eta. Zergatik orain? Ba, halako batean, asmo handirik gabe, idatzitako poemen artetik aukeratutako batzuekin liburu bat osatzea proposatu zidalako Juan Kruz Igerabidek.

Juan Ramon Makusoren hitzaurretik atera ditugu hitz hauek: ‘Lasak, ihes egin nahi izan dio, hitzak sortzen duen estutasunari, eta lirikak eskaintzen duen gozatuan geratu nahi izan du’. Horrela da?

Hautematen dugun eta hauteman nahi genukeen harekin dugun harremanak zailtasun bat aurkitzen du bidean, nola adierazi edo errepresentatu hura. Hitzak batzuetan estuegiak dira horretarako, ontzi kaxkarrak usu, problematikoa haien erabilera ere lilurara bultzatzen gaituztelako, eta liluran jausteko ezer asko ez dugu behar izaten (gure hautemate-sistema osoa horretarako egokiturik baitago). Hor berez ez dauden gauzak errepresentatzeko erabiltzea baldin bada baita ere hitzaren eginkizuna, lilurak sortzea da egingo duguna seguruenik. Hitzekin kontuz aritu beharra oso aintzat hartzekoa da, jaso ezin dutenarekin egiten ditugun eraikitze-ahaleginak beldurgarriak bilakatzen baitira; hitzetan jartzeak izate-itxura sortu, nahastu, eta horrela mundua bete nahian estutu, bihurritu eta agortzen duelako daukaguna. Baina, poemagintzan egiten den hitzen erabileran aurki dezake gizakiak tarte bat, agerira etortze bati bidea eskaintzen diona, hitzetan etor daitekeen musika bati, edo giza lilura horien egitura azaleratzeari, edo ametsak amets direla ikusteko modu bat eskura jar dezake…gizakiaren barru-barruko mina (nahastea, aierua, lilura, egokitu ezina, hustasuna, ezereza,…) kanporatzeko tarte hori eskaintzen dit behintzat niri poemak. Gozamen hutsa baino nahiago izaten dut, horrelako une bat aurkitzea, handik agerira zerbait etor daitekeelakoan. Hori lortzea, ordea, beste kontu bat da.

Denbora eta hostoak. Hostoak uneak dira, urtaroen abarora bizi direnak?

Denbora baten hostoak baldin badira, denbora horren markak daramatzatenak izango dira. Eta denbora kontzientzia baten agerraldia bada, kontzientzia horren egituran sartzen diren elementuak izango hostoak, hau da: hautemateko modua, gure artean eta mundu osoarekin sortzen ditugun harremanak, ahaleginerako metodoa, hitzen erabilera, espero den ordaina,… era ziklikoan aurpegi-axala eguneratuz betikora itzuliz dabilen kontzientzia zahar baten abaroan dirautenak.

Liburua atal laburrek osatzen dute oro har (azkena luzeagoa da). Ze erritmo eman nahi izan diozu atalekin osotasunari?

Intentzio handirik gabe sortu zen, sailkapenak berak ekarri zuen era bateko eta bestekoen artetik poemak hartzean. Azken atalak pisu gehiago du arestian aipatu une horretan, giza desolazioak, heriotzak, nahasmen eta beste giza adierazpen batzuek erakutsi dezaketena hain zabala izanik hari leku egiteko.

Liburuaren hasierakoak poema laburrak dira, pentsamenduz beteak, agian aforismoa eta haikuen munduaren oihartzunak dituztenak. ‘Tximistarenak’ izeneko liburu amaierako esaldi sortak ere haiek ekartzen ditu gogora. Nora begiratu duzu testurik laburrenak idazterakoan?

Matsuo Basho-ren haikuen bidez (gero, besteak beste, Borges, Benedetti, Juan Kruz Igerabide), esango nuke, bi ezaupide behintzat aurkitu nituela poesiarako: intuizioa, natura eta edertasuna zuzenean elkarri eskaintzeko modua; eta intelektualizatze hutsetik kanpoko aditzera poetikoa, biak eman zitezkeela nabarmen bihurtu zen niretzat. Aipatu dituzunak idatzi nituenean, burua gelditu (erabat pentsamendurik gabe ezin bada ere), nonbaitera begira jarri (zozoa, norbaiten heriotza, alaba,…) eta agertzen dena jasotzea egin nuen. Bihotzean, kanpoko zerbait hitzetara sarturik aritzean ematen da hori; etorri, sartu eta joan egiten da, harrapatzen duzunarekin geratu besterik ez duzularik.

Filosofia irakaslea zara, liburuak badu filosofiatik. Gertu ikusten dituzu filosofia eta poesia?

Bai horixe. Bata eta bestea, senideak izan ziren, eta arerioak berehala Platonen filosofiaren bidez batez ere. Poesia, hasierakoa da, (poiesis) sortze baten baitan dena eta ez dena ikusi eta esaten zen garaikoa. Sortze haren baitatik gizakiak bere burua atera eta berea bezala hartu eta gidatu nahi izan zuenez geroztik geratu zaiguna da poesia, hitzaren jolas sarri. Poemagintza bezala deitzea nahiago dut, gaur, Chantal Maillard-ek esandakoari jarraituz.

Itzalaz’ atalean:

Lotsaturik nago eraikitako etorkizunez

eta haien ondorengo ezerezaz

eta agindu zidatenagatik alde batera utzitakoaz

eta gure amaikortasunak eragindako

zeru-egarriaz.

Heriotza da denboraren beste aurpegia?

Heriotza nolanahi ere bidaide dugu. Bere eskutan gaude, gure eskuetan har dezagun, oraina bete-beterik utz dezagun berarentzat. Eta izan gaitezen, iragana hilik, beste denbora baten testigu. Denboraren beste aurpegia, egun dirauen kontzientziaren heriotzak, akaberak ekarriko duena da. Joera zatitzaile-birrintzaileak dirauten bitartean alferrik samar da beste aurpegiaz hitz egitea. Baina, bai, esaten duzun bezala bizitzan heriotzaren lekua ahazteak ekarri du gizakiak ia dena sufrimenduz janztea, horrela zerbait izango delakoan edo falta duela uste duen hori lortuz ez dakit zer eskuratuko duelakoan.

Loturez’ azken atalean poemak luzatzen doaz, eta gaietara gero eta hitz konkretuagoak azaleratzen dira. Gogoeta eguneroko gai eta uneetara eraman duzu hor?

Bai. Zenbait unetan laburrak egiteko joera dudan bezala, bestetan gogoeta baten erdikoa ateratzean luzatu egiten naiz. Gogoetarako dugu izan ere egunerokoa. Honetaz hitz egin edo honi begirada zuzentzeko moduak dira beste era guztiak, hain konkretuak ez diren horiek ere. Aldi berean, egunerokoa ez da bakarrik begi aurrean ikusgai dugun hori, ezkutatzen dena ere bada, tolesturan gorderik duguna ere bai, nik haraindikoa deitzen dudan hori. Egunerokoan, tolestura batetik gabiltza, besteak alboan daudela ahazturik, besteek hartzen dituzten bideak gureak bezala ardatz berean doazela ikusi gabe. Eta, zozoa ere …

Atal horretan besteak beste zure ikasleak dituzu hizpide, gaztaroa, edertasuna… liburuaren hari orokorrean kontrapuntua dira hauek?

Tarte bat egiten badiogu bizitzari, dena kabitzen da. Dena dago beterik hustu eta izan denaren ondoren etor dadin, dena hutsik sortzea eman dadin. Kontzientzia berriaren haziak dira gazteak, edertasuna, isiltasuna, maitasuna,…eta nahi nuke bai hori dena gainezka.

Irakurle gisa zer eskatzen diozu poesia liburu bati?

Ez diot ezer eskatzen, norberak bere bidean aurkituko duena du irakurgai. Liburu asko, agian, ez dut irakurriko eta kito. Idazlearentzat balio izan duela badakit eta ez dut inoiz erasoko egin duen saioa. Irakurtzea beste ariketa konplexuago baten osagarri da, batez ere, bizitza irakurtzeari heltzen diozunetik aurrera. Liburu bakoitzak bizi-printza batzuk islatzen ditu eta zentzu horretan ez luke jarraitu behar eredu bat edo guk espero jokabide bat, izango du-eta bere barruan begiratuko duenik, zeinarentzat soilik balioko duen. Liburuari atxiki dizkiogun beste balioak –ospea, kultur aberastasuna, bidea adieraztea,…- lilurak dira, guztion eskasia eta amaikortasunak eragindakoak.

Idazle gisa nora begiratzen duzu, zein egilek eragiten dizu, nora begiratzen duzu zentzu horretan?

Idazle naizenik ez dakit esango nukeen, ez bainaiz horretan aritzen tarteka ez bada, idaztera jo beharra sentitzen dudan boladatan ez bada. Era berean, ez dut xederik horretan, zerbait baldin bada nire bidez esateko esan edo idatziko dut eta listo. Egunen batean ikasi beharko dugu hitzak gizakume batek esanak izan arren giza kontzientzia osoa islatzen dutela eta hein horretan gizadiarenak direla. Horrelaxe hartzen ditut beste egileenak ere, nahiz pentsatu edo gogoeta egitera bultzatzen nautenak izan batez ere estimatzen ditudanak.

Literaturian parte hartu berri duzu, liburua aurkezten eta baita errezitatzen ere. Zer nolako esperientzia izan da zuretzat publiko aurrekoa?

Lehen aldia zen niretzat errezitatzen aritzea. Ez da noski norbere buruari hitz egitea bezala, edo eskolan azalpenak ematen aritzea bezala. Besteen begiradaren aurrean, idatzitakoak zer esanguratsurik izango ote zuen bururatu zitzaidan, eta goian esandakoagatik, ea besteen ispilu izan zitezkeen niretzat hala izan ziren hitzak. Urduri duda barik, garai batean baserrikumeok kalera joandakoan sentitzen ginen moduan berriz aurkitu nuen neure burua. Halako jendetza ikustean, pentsatzen jartzen da bat zer nolako estimua dioten inguru hartakoek horrelako saio bati. Eta baita ere ni ez bezalakoak ez ote diren izango egokiagoak horrelakoetarako.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Paperezko Lagunak. Hala du izena Donostiako Garoa liburu dendaren baitan osatu den irakurle taldeak. Beńat Sarasolak gidatuko du eta lehen gonbidatua Lander Garro izango da. Gerra txikia (Susa, 2014) nobela aztertuko dute ostegun honetan, 20:00etan hasita. Solasaldia bi zatitan banatuko da, eta bigarren zatian idazlea present izango da. Interesa duenak idatzi dezala email bat donostia@egaroa.com helbidera edo pasa dadila Donostiako Garoa dendatik (Zabaleta kalea 34).

    Danele Sarriugarte eta Mikel Peruarena izango dira hurrengo saioetako idazle gonbidatuak. Paperezko Lagunak irakurle taldeko kideei aztergai izango diren liburuetan, %10eko beherapena egingo zaie.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak