Sarrionandia gaurkotzen

`Kartzelako Poemak´ eta lehen narrazioen edizio berrituak argitaratuko dira laster

Astelehena, 2011-11-07

Iraila hasieran, Joseba Sarrionandiaren ipuin bilduma bat iragarri zuen Elkar argitaletxeak. 1978-1990 urteetan idatzita utzi zituen ipuinen konpilazioa. Susa argitaletxeak, aldiz, "Kartzelako poemak" (Susa, 1992) liburuaren edizio berritua prestatzen ari zela aurreratu zuen. Iragarpenak bete egin dira eta garai berean plazaratuak izango dira bi lanak. Batean zein bestean, ordea, badira nobedadeak. Erreportaje honetan aurkituko dituzue xehetasun gehiago.



Sarriren liburuetan agertu ez diren hiru narrazio batu dituzte "Narrazio guztiak (1978-1990)" konpilazioan


Argitaratu gabeko sei poema jaso dira `Kartzelako poemak´ liburuaren edizio berrituan


Vicente Ameztoyren artelan batekin edertu dute narrazio bildumaren azala


`Kartzelako poemak´ berria Donostian aurkeztuko dute, errezitaldi batekin

Joseba Sarrionandiak gaztetan idatzi zituen ipuinak lan bakar batean plazaratzeko asmoa zuela jakinarazi zuen Elkarrek duela hilabete batzuk. Izenburua ere aurreratu zuten, "Littera Vasconiae". Laster ikusiko du argia bilduma honek baina azkenean beste bat izango da liburuaren izenburua: "Narrazio guztiak (1978-1990)". Era honetan, Narrazioak (Elkar 1983), Atabala eta Euria (Elkar 1986) eta Ifar aldeko orduak (Elkar 1990) liburuetako ipuinak lan bakar batean apailatuko dituzte. Baina izango da bestelako ipuinik ere. Orain arte Sarrionandiaren liburuetan agertu ez diren hiru narrazio, hain zuzen.

Dela poeta, dela narratzaile, dela saiakera-egile, Durangoko idazlearen eragina nabarmena da. Hala ondorioztatu zuten Xabier Mendigurenek eta Koldo Izagirrek Euskal literaturaren antologia (Elkar 1998) izeneko liburuan: "prosan, ipuingintza landu izan du gehienbat eta esan liteke bera dela, Bernardo Atxagarekin batera, idazlan-mota honek gure artean izan duen garapenaren eta arrakastaren arduradunetakoa. 1983an kaleratu zuen Narrazioak ipuin-bilduma, garai eta leku diferenteetan kokaturiko istorioen multzoa, bidaia, exotismoa eta magia bezalako elementuekin egundoko harrera lortu zuena eta lilura berezia eragin irakurleen artean".

Narrazioak liburuaren ondoren etorri ziren, besteak beste, Atabala eta euria eta Ifar aldeko orduak izeneko liburuak. Orain, Elkarrek prestatu duen "Narrazio guztiak (1978-1990)" izeneko konpilazio berrian, hiru obra horietako ipuin guztiak jasoko dira liburu bakar batean.

Tartean, inoiz argitara eman gabeko ipuinak

Baina laster argia ikusiko duen "Narrazio guztiak (1978-1990)" izeneko bildumak hiru harribitxi gordeko ditu bere baitan. Egilearen liburuetan inoiz atera gabeko hiru ipuin: "Figlio di Cane", "Maggie, indazu kamamila" eta "Enperadore eroa". Irakurlearen ikuspegitik, azken hau da ezbairik gabe lan honen ekarpenik deigarriena: bere liburuetatik aparte zeuden ipuin horien argitaratzea. Ez dira ipuin berriak izango. Hizpide izan ditugun liburu horien aurretik idatziak izan ziren.

"Enperadore eroa" ipuina da horietako bat. Orain arte, ez da Sarriren liburuetan agertu. Baina Euskal literaturaren antologian (Elkar 1998) irakurri daiteke. Koldo Izagirrek eta Xabier Mendigurenek antologia hartan idatzita utzi zuten moduan, "artean oso gaztea izan arren, Enperadore Eroan aurki litezke Joseba Sarrionandiaren obraren funtsezko ezaugarriak. Ipuin klasiko bat da egituraz, ipuinaren barruan beste ipuin bat sartzearen teknikaz baliatzen dena". Bestalde, Txinan gertatzeak eta ipuin-kontalari txinatar baten ipuin gisa azaltzeak "Sarrionandiaren hasierako idazlanetako beste ezaugarri bat oroitarazten digute: exotismoa eta kosmopolitismoa, hain zuzen ere".

Azala, Vicente Ameztoyrena

Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak azaldu digunez, Sarrionandiaren liburu horiek salgai dira oraindik, baina jatorrizko bertsioan. Dena den, "bitarte luze honetan euskara batuaren arauak dezente aldatu dira, eta egungo ortografiara egokitu nahi zen testua". Lehenengo gaurkotze eta zuzentzea Juan Luis Zabalak egin zuen, argitaletxearen enkarguz. "Gero, egileak berak osorik errebisatu du berriz bere testua, euskara batuko arauez gain ere beste hainbat aldaketa eginez", Xabier Mendigurenek aitortu digunez.

Gauzak ondo bidean, "Narrazio guztiak (1978-1990)" liburua azaroaren amaieran aurkeztuko da, abenduaren hasieran beranduenez. Vicente Ameztoyren artelan batekin edertu dute liburu honen azala.

"Kartzelako Poemak" eta beste sei

Ipuin horiek ez dira gaurkotu diren obra bakarrak. Arestian esan dugun bezala, "Kartzelako poemak" liburuak edizio berritu eta gaurkotu bat izango du laster. Jatorrizkoarekin alderatuz, edizio honek izango duela bestelako ekarpenik, alegia. Elkarrek ipuinekin egin bezala, Susa argitaletxeak ere argitaratu gabeko sei poema erantsi baitizkio jatorrizko edizioari. Hori izango da berritasunetako bat. Baina ez bakarra. Edizio berri honetan, azal berri bat izango du liburuak, Lander Garrok osatu duena. Poemak gaurko grafiara egokitu dira eta hitzaurreak Jose Luis Otamendiren sinadura darama.

Edizio berriak azal berria izango du (eskubiko irudian).    

Azpeitiko idazlearen esanetan, liburu honek beste koska bat ezarri zuen euskal poesian. Jose Luis Otamendik hitzaurrean azaltzen duenez, "2011ko edizio honi gaurko begia eta eskua ezarri dizkio poetak, eguneratu egin dira testuak eta orain arte argitaratu gabeko sei poema datoz osoa zena osatzera".

Batasun tematiko hori azpimarratzen du hain zuzen Otamendik, edukiaren gainean egiten duen analisian: "kartzelako poemak dira, ez besterik. Egilea preso egon zen aldian idatzitako poema sorta mardula du ardatza, eta ihes saioa arrakastaz burutu ondoren espetxeari buruz eta han utzitakoez idatzitako beste zenbait poemarekin osatzen da bilduma. Batasun tematiko harrigarrian".

"Klasiko baten aurrean gaude"

Jose Luis Otamendiren esanetan, liburuko hainbat testu imajinario kolektiboaren parte bilakatu dira, urteotan musikari askok poema hauetara jo duelako, "mezuok doinuz betikotu eta herriaren gogo-bihotzetan irarrita lagatzeko".

Eta horregatik ezartzen du liburu hau klasikoen pare: "klasiko baten aurrean gaude, eta ezer nekez bihurtuko da klasiko, ez bada bere garaiari hertsiki lotua sortu", Jose Luis Otamendiren hitzak dira.


Poesia, "erresistentzia antolatzeko lekua"

Kartzelako Poemak ditugu hizpide lerro hauetan, baina poetaren ekarpena haratago doa. XX. mendeko poesia kaierak bilduman, honela mintzo da beste poeta handi bat, Koldo Izagirre: "gutxitan gertatzen da poeta honena bezain bizitza poetikorik, eta nekez topatuko dugu gure literaturan egilearen bizitza pertsonalari horren lotua dagokeen poesiarik. Bata ezin liteke bestea gabe konpreni, poesiaren bidaiaria dugu Sarrionandia, eta poesia da bere erresistentzia antolatzeko lekua, esan liteke herensugearen aurkako egitaterik egokiena burutzen duela poemen bitartez, poemek bakarrik eskaintzen diotela libre izateko modu bat".

Izagirreren esanetan, "hitzak, izan ere, indar liberatzaile handia du hemen: ez da dogmatikoa (bere poesia osoa da dogmatismo eta are dogmatismo estetikoaren aurkako saioa), eta kartzelatik edo sasitik ari denean ere gozo ageri zaigu, sekulan ez erriertan edo kexamenduan, askatasuna emanez irakurleei zein idazleei, umorezko keinu kitzikagarri ugariren oparia dakarrela".

"Kartzelako poemak" errezitaldia Donostian

Susa argitaletxeak errezitaldi batekin aurkeztuko du liburuaren edizio gaurkotua. Azaroaren 10ean osteguna arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Doka Kafe Antzokian. Partehartzaileak: Joxe Mari Iturralde, Jon Benito, Mikel Etxaburu, Oier Guillan eta Jose Luis Otamendi.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Eñaut Elorrietak Deserriko kantak diskoa aurkeztu berri du, bakarkako lehena. Literaturaz blai dator diskoa: 'Geografia' kanta plazaratu da lehenik, Lander Garrok egin duen bideoklipean. Diskoan Garro bera, Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Gabriel Aresti, Harkaitz Cano, Joan Oliver eta kantariak berak idatzitako hitzak baliatu ditu.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak